XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irakaskuntza horiek nola hartuko dute elkar, nola osatuko dute elkar batasuna lortzeko, baldin gai horiek ematen dituztenek osotasun horren kontzientziarik ez badute eta horietako bakoitzak jarri beharrekoa nola jarri ez badakite?

Egun, bigarren mailako irakaskuntzaren helburuak mugatzeko egoeran ez bagaude ere gai hau ez da balioski aztertu ahal izango ikastaro-bukaera arte, esan dezakegu, ordea, lizeoaren egitekoa ez dela ez matematikariak, ez literatuak, ez naturalistak, ez historialariak egitea, baizik eta izpirituak lantzea letren, historiaren, matematikaren bidez, etab.

Baina irakasle bakoitzak nola beteko du, bada, bere egitekoa, nola beteko du guztizko lan horren barruan berari dagokion zatia, baldin berak ez badaki zer den lan hori, bertako lankide desberdinek nola parte hartu behar duten, batzuen ahaleginak besteenekin nola elkartzen diren?

Egia da, sarritan, dena berez joango bailitzan pentsatzen da, helburu komun horrek ilunetik deus ez balu bezala, izpiritu bat prestatzea zer den mundu guztiak baleki bezala.

Baina, egiazki, formula ilun honek ez du inolako edukin positiborik; horregatik erabili ahal izan dut arestian, gure geroko azterketek emango dizkiguten emaitzak ezertan aurretiaz juzgatu gabe.

Adimenak ez direla espezializatu behar, hauxe da formula hark dioen guztia; honekin, ordea, ez zaigu zehazten zein ereduren arabera prestatu behar diren.

Adimen bati XVII. mendean ematen zitzaion prestakuntza ez legokioke gaurkoari; lehen mailako eskolan ere adimena lantzen da, baina ez lizeoan bezala.

Honela bada, irakasleek edan-iturritzat erreferentzi puntu hain zehazgabeak baizik ez dauzkaten bitartean, ezinbestekoa izango da haien ahaleginak barreiatuta eta, barreiadura horren ondorioz, ezinduta geratzea.

Eta gure lizeoetako irakaskuntzak ikuskari hori eskaintzen digu sarriegi.

Esan behar da horietan hezitzaile bakoitzak bere espezialitatea irakasten duela...